Episodios
-
Bakardadean bizitzeko hautua egin zuen. Borda batean bizi da mendian, pagadiz inguratuta, 650 metrotako altueran, Lapurdiren eta Nafarroaren arteko mugan. Hiru txakur, bi zaldi, katu bat eta Pintto txerria ditu bizilagunak. Musikaria da, makilagilea eta denbora geratzen zaionean telebistako aurkezlea era bai. Bordako ateak zabaldu dizkigu.
-
Bi etxe ditu Kaki Arkarazok. Usurbilen, familiarekin bizi dena, eta Garate estudioa. Musikarekin ezkonduta bizi da betidanik. Gurasoen etxeko sukaldean aulkiei buelta eman eta bateria jotzen zuenetik, M-ak, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan jotzen zuenera arte. Eta orain ere bai, Garate estudioetako nagusia baita. Hamaika diskoren ekoizpena egin du, tartean, mundu mailan oso ezagunak diren bandak. Guri bi etxeetako ateak zabaldu dizkigu.
-
¿Faltan episodios?
-
Fokoen azpian egotera ohitua dago Estitxu Fernandez. Aurkezle izan delako eta bertsolari ere bai. Baina azken boladan amatasuna izan du ardatza. Amatasuna politikoki jantzia. Eta, Psikologoa izaki, hainbat liburu kaleratu ditu gaiaren inguruan. Zaintzaz eta bortxa obstetrikoaz besteak beste. Donostiako bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.
-
Minbizia topatu zioten bularrean Maider Estensorori. Eta ondoren metastasia. Bizitza aldatu zitzaion eta lehentasunen piramidea irauli. Ez zaigu gaixotasunen inguruan hitz egitea gustatzen. Heriotza ere tabua da. Baina heriotzaz hitz egitea bizitzari aurpegira begiratzea da. Konsziente izatea, eta gauzei dagokien garrantzia ematea da, funtsean. Barruan Gauderen atal honetan bizitzari begiratuko diogu aurpegira. Irribarrea galdu gabe. Kafe baten bueltan, Estensororen etxeko egongelako mahaian.
-
Ardantza lehendakariaren gobernuan bozeramale izan zen. Baina politika uzten jakin zuen lau urteren buruan. Ekonomista da, eta kazetaria, eta idazlea. Euskal Herriko izen handi asko elkarrizketatu zituen gazte gazterik. Koldo Mitxelena eta Lezo Urreztieta, besteak beste. 2021ean "Los Sota: Esplendor y Venganza" liburuaren bidez gerra aurreko Bilbon murgilu zen, Ramon Sota Llanoren itzal handiari segiz. Elkarrizketa gustatzen zaio. Entzutea gustatzen zaio. Kuriositatea delako bizitza beraren oinarria, bere hitzetan. Etxeko ateak zabaldu dizkigu.
ULU Mediak ekoizten du Barruan Gaude.
-
Atal honetan sartuko garen etxeko katuak denetarik entzun du. Entzun ditu Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren eztabaidan. Entzun ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero, Pernando Barrena, Eduardo Madina, Frantxoa Maitia eta Larralde. Etxe hontako mahaian jarri zen Euskal Herriko azken bake prozesuko lehen harria. Eta, hein handi batean Pello Rubio anfitrioiari zor zaio hau. Industria, nekazaritzagatik aldatu zuen, eta ordutik hemen bizi da, bakean.
Elgoibarko mendi magal batean dago Txillarre baserria. Rubiok zabaldu dizkigu bertako sukaldeko ateak.
Barruan Gaude, ULU Mediak ekoizten du EITB Podkastentzat.
-
Oria ibaian, itsasoan eta "putzuan" sentitu izan da aske beti. Gerra betean jaio zen, nahiz eta ez akordatu ezertaz. Etxean ere ezer gutxi kontatu zioten. Frankismoa baina bertatik bertara bizi izan zuen Orion. Eskolan euskara debekatu zioten eta 12 urterekin alde egin zuen gehiago ez itzultzeko. Ordutik ibaiak eta itsasoak emandakotik bizi izan da. Orain eskabetxera, gero arrantzan edo angulatan eta azkenik arraindegia zabalduz Usurbilen. Bizitza oso bat du kontatzeko eta bere etxeko ateak parez pare zabaldu dizkigu.
-
Hizkuntzak maite ditu, euskara maite du. Euskal Filologian doktorea da eta EHUko irakaslea. Hitzen pistei segiz, euskararen galderaikurrei erreparatzen die. Akademiatik politikarako saltoa ere eman zuen, Patxi Lopezen gobernuko Kultura Sailburu izan zenean, eta urte zailak bizi izan zituen lehen lerro politikoan. Gasteizen jaioa izaki kalekumea bada ere, Otazu herrira mugitu zen duela urte batzuk. Gustura bizi da herrian. Harrera egin digu etxean bere bi txakurrek lagunduta.
-
Aktore moduan lanean hasi zenetik hona, mundua asko aldatu da. Oholtza gainera lehenengoz bertsotan egitera igo zen, eta gero txaloek sorginduta antzerkian murgildu zen buru belarri. Zineman, telesailetan eta telebistan jardun izan da, erreferente bihurtzeraino.Suizidioa gertutik ezagutu zuen gazte gazterik, eta buru osasunaren inguruan askotan hitz egin izan du. Garibai kalean, lehen Novedades zinema zegoen lekuan bizi da eta etxeko ateak zabaldu dizkigu.
-
Aizkolari, harrijasotzaile eta txingalari leinu batean jaio zen Arraiozen. Bere haurtzaroko soinuak basoaren soinuak dira; orbelak zapaltzerakoan ateratzen duena, aizkorak egurraren aurka ateratzen duena. Herria txiki egin zitzaion eta bere istorioa idazteko Madrilera egin zuen alde. Bere iraganarekin hautsi zuen, urrundu egin zen, gehiago hurbiltzeko gero. Malasañan bizi da, eta bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.
-
Tolosan bizi da 70. Etxea zabalduko digun pertsona. Bateria-jolea da, solaskide bikaina, irrati esataria eta telebistako aurkezlea. Baina, azken boladan, umoregile gisa nabarmendu da oholtza gainean. Euskaraz Stand up bira bat egin du, "Nekatutak" izenekoa eta Euskal Herriko txoko askotan ibili da umore zorrotza banatzen. Enekoach, bere alter egoak zabaldu dizkigu etxeko ateak Barruan Gauderen 5. denboraldia abiatzeko.
-
Erraria izan da June Fernández. Etxea soinean daramaten horietakoa. Nola Getxon, Mungian edo Managuan. El Paisen hasi zen lanean eta gerora Pikara Magazine sortu zuen. Hedabide askotan kolaboratu izan du, hala nola Argian, edo El Salton. Bere ofizioa militantzia feministak zipriztindu du beti. Orain Larrabetzun bizi da eta etxeko ateak zabaldu dikigu.
-
Bertsolari Txapelketa Nagusia zalegotik bizi du 14 urte zituenetik lehenengoz Igor Elortzak. Baina ez dio utzi bertsotan aritzeari. Orain nitasunetik jarri dizkio bertsoak ziurtasun urri eskaintzen dituen aro honi. Eta baita iraganari ere. Hazten ikusi zuen Durangoko langile auzo berean bizi da. Eta ezkaratzean itxaron gaitu etxeko ateak zabaltzeko.
-
Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitateko zerbitzu burua da. Pandemiari hortzetara begiratu dion medikuetako bat. Dibulgatzaile lanak egin izan ditu, besteak beste, Euskadi Irratian eta jakintza, kultura den heinean, partekatu egin behar dela aldarrikatzen du. Bertsolaria ere bada bokazioz eta puntuz puntu aletu dugu elkarrizketa, bere etxean, hamarreko handian.
-
Etxera sartu orduko ehizeko txakurrak egin digu ongietorria. Eta anfitrioia eibartarra dela salatu digu. Enpresa munduan nabarmendu da Nuria Lopez de Guereñu. 2005ean Ibarretxek Garraio eta Herri Lan Sailburu izateko deitu zuen eta gerora Confebask-eko Idazkari Nagusia izan zen, besteak beste. Txikitan hegazkin pilotoa izan nahi zuen, eta azkenean izan ez bada ere, oso altu egin du hegan. Kristalezko sabaia hausteraino. Zumaiako etxean hartu gaitu.
-
Bizitza bidegurutzeak dira. Bide zidorrak eta bide luzeak batzutan. Erabakiak funtsean. Jon Mayak futbolaren eta dantzaren artean dantza aukeratu zuen. Egunkariaren itxieraren ostean Kazetaria da ikasketaz, Berriaren erredakzioa utzi eta Kukai dantza taldea sortu zuen mende hasieran. Euskal dantza tradizionala abiapuntua izan da berarentzat, dantza garaikidea sortzeko. Eta nazioartean errekonozimendu eta sari asko jaso ditu. Oreretako bere etxeko atea zabaldu digu.
-
Saiatzea, ekitea eta egitea. Eta askotan asmatzea. Denetarik egin du atal honetako anfitrioiak. Beasaingo industriak eraman zuen mundura, eta munduak ekarri espektakuluaren industriara. 1977an Kilomentroak ekimena sortu zuen bere sorterriko lizeoa bultzatzeko. 80ko hamarkadan ETBren sorreran parte hartu zuen eta ordutik ekoizle lanak egin ditu. Disney multinazionalarentzat lan egin zuen eta bera izan zen Karlos Argiñanori telebista programa bat egitea ideia ona izango zela esan ziona. Gainontzekoa historia da. Adina baduen arren ez da jubilatu eta laneguna hasi aurretik, gosaltzera gonbidatu gaitu bere etxera.
-
Misteriotsua da haurtzaroan dugun irudimena nola doan itzaltzen, nola husten zaigun buru pribilegiatua, bizitzaz betetzen zaigun heinean. Barruan Gauderen atal honetako anfitrioiak irudimena mantentzen asmatu du, eta baita ogibide bihurtu ere. Berriako biñeta egiten du egunero. Satira, iritzia eta poesia. Denetarik. Patxi Huarte Zaldieroak, Iruñeko bere etxea zabaldu digu.
-
Iruñeko Urmenetatar leinukoa, anai-arrebetan bosgarrena eta marrazkilari umoretsua da Asisko Urmeneta. Aitaren semea baino, amatxiren biloba da gehiago eta pozik oroitzen du baztan bailaran igaro haurtzaroa. Historia, irabazleek idazten dutela esaten da, aitzitik, Urmenetak historia marrazten du, baztertuen eta zokoratuena. Hoztan du etxea eta bertan hartu gaitu, hemen ohitura dugun legez.
-
Etxe batek asko esan lezake bertan bizi den presonaren inguruan. Eta baita liburutegi batek ere. Asko daki Barruan gauderen 61. ataleko anfitrioiak hontaz. Maria Elorza zinemagilea da eta elkarrizketa egin dugun momentuan estrenatu du bere opera prima: "A los libros y a las mujeres canto". Egongela argitsu batean du lanerako mahaia eta bertan jarri ditugu mikrofonoak.
- Mostrar más