Episodios
-
Mundua pikutara doala dioten berriak ahaztu nahian New York Hiriko museora joan naiz. Bertan zabaldu dute “New Yorkeko kantak” izeneko erakusketa interaktiboa. 1920 eta 2020 urteen artean hiriari idatzitako kantak datoz, ehundik gora abesti. New Yorken jaio eta gero munduan zehar barreiatu diren doinuak. Jazza, rapa, popa, rocka, Suzanne Vega, Velvet Underground, Jay Z eta Tito Puente, besteak beste. Zenbat jendek kantatu dion hiri honi, batzuk pozez, beste batzuk nahigabez.
Museotik atera eta parkea oinez igaro dut. Hotz egiten duen arren, lakua dagoeneko ez dago izoztua. Jendea paseoan dabil, txanoekin eta bufandekin, bakoitzak bere ametsa egurasten. Zoriontsuak izango ote diren galdetu diot neure buruari. Ezen zaila baita hiri hau, badaki ematen baina kentzen ere bai.
Eta horretan nenbilela, erdi goibel, New Yorken sortu berri den azken kanta entzun dut. Han ondoko zuhaitz batetik zetorren. Txori bat, enborra zulatzen, etxea bertan egiteko. Okila. Eta okilaren mokoaren danbolin erritmoak esan dit iratzartzeko, badatorrela udaberria, merezi duela borrokan jarraitzeak.
Eta horrela, irribarretsu, itzuli naiz etxera. -
New Yorken iragan astean. Eraikin luze bateko igogailuan. Bulegoak daude, enpresak, erakundeak, abokatuak. Igogailuetako bat beherantz doa. Dozena erdi lagun barruan. Telefonoak jo dio gizon bati. Hartu du. Kaixo esan du gaztelaniaz. Ume baten ahotsa entzuten da. Gose naiz. Badakit maitea. Eutsi ezazu puska batean. Ezin dut baina.
-
¿Faltan episodios?
-
Alaba paper batzuekin iritsi da etxera. Eskolan banatu dituzte. Emigranteen eskubideei buruzkoak dira. Goardiak bila badatoz jakiteko zer egin. Egon da polizia sarekadak egiten New Yorken, paper gabeko migrariak harrapatzen. ICE deitzen da migrarien polizia. Bitxia da ICE inizialek “ice” hitza osatzen dutela ingelesez, “ice”, “izotza”, edo “horma”, euskaraz. Mugan eraiki nahi den horma erraldoi hura bezala.
-
Egok tronpeta jotzen du Grand Centraleko metro geltokian. Astearte goizetan eta ostegun arratsaldetan hantxe egoten da, faltarik gabe. Jendeak dirua uzten dio, egun txarretan berrogeita hamar dolar, onenetan bostehun.
-
Koiote bikote bat bizi da Central Parkean. Bertako animalia basatien artean handienak dira koioteak. Bikoteetan bizi dira eta ez dira banatzen bietako bat hiltzen den arte. Hori gertatu zen Central Parkeko koioteekin. Koiote emea bakarrik geratu zen bikotekide berria hartu duen arte.
Baina, nola iritsiko zen koiote berria parkera, galdetzen diogu gure buruari. Izan ere, Central Parkea hiriaren erdian dagoen irla berde bat da, handia baina irla azkenean. Kaleak eta etorbideak ditu inguruan. Ez dago naturarako korridorerik. -
New Yorkeko liburutegien artean bosgarren etorbideko liburutegi publikoa da zalantzarik gabe ezagunena. Baina handik hurre, bada merezi duen beste liburutegi ikusgarri bat, Morgan liburutegia. Izen bereko bankariak eraiki zuen. Etxearen alboan altxatu zuen liburutegia, lorategian, etxean liburuak ez zitzaizkion sartzen eta.
-
Ez dakit non irakurri dudan urteko egunik tristeena dela gaurko astelehen hau, urtarrileko hirugarrena. Egun iluna delako, argi ordu gutxirekin, eta urte berrian izaten ditugun asmo on horiek okertzen hasten direlako. Donostiar eta azpeitiar batzuentzat ere izango da goibela, parrandazaleentzat batez ere. Hemen ez dugu San Sebastianik baina jai eguna bada, Martin Luther King handiaren eguna. Justiziaren lerroa etengabe aurrera doala esan zuen hark. Esan ez ziguna da lerro hori ez dela beti zuzena, atzera ere egiten duela batzuetan aurrerabideak. Medioetan oso gutxi hitz egiten da Luther Kingen egunaz. Bitxia da eskubide zibilen aldeko aktibistaren egun berean izatea Trump presidentearen bigarren kargu hartzea. Urteko egunik tristeenean hau ere.
-
Larunbat honetan, seme txikia bere kabuz atera da kalera lagunekin. Lehen aldia izan da, duela zazpi urte New yorkera etorri ginenetik.
Orain arte gurekin batera geratzen zen adiskideekin edo familian egiten genituen planak. Hori bai, ideiak bereak izaten ziren normalean. Guk ere proposatzen genizkion baina ez zitzaizkion iruditzen nahikoa erakargarri. Beraz, guk geuk jarraitzen genuen haren pausua. -
Maskuluak Gabonetan bakarrik jaten ditugu etxean. Amak eta izekok larrean hartzen dituzte, kutxa batean gorde eta gero prestatzen dituzte, saltsarekin. Ez da lan xamurra, garbitu egin behar dira eta aurretik. Hainbeste ezen garai batean kontserba fabriketan egun bi libre izaten zituzten emakumeek Gabon aurretik horiek prestatzeko. Istorio asko daude lotuta Gabonetako maskuluei. Ondarroako Mariri, Elgoibartarra jaiotzez, jazotakoa esate baterako.
Franco garaian, ikurrina galarazita zegoen sasoian, Marik atsegin zuen geranioak aldatzea balkoian, gorriak eta zuriak bata bestearen alboan, hosto berdeekin euskal bandera debekatuaren aldarria egiteko. Ikurrina ezin zenez jarri, bada geranioak jartzen zituen balkoian.
Goiz batean baina, haiek ureztatzera joan zela, konturatu zen geranioak janda zeudela. Laster ikusi zuen barraskiloak izan zirela. Baina nondik iristen ziren barraskiloak bera laugarren solairuan bizi bazen?
Jakin zuen berehalaxe azpiko bizilagunarenak zirela barraskiloak. Gabonetarako bildu eta kutxa batean gordetzen zituela balkoian. Baina maskuluak kutxatik ihes egin eta goiko solairura joaten ziren narras, Mariren geranio abertzaleak jatera.
Bitxiena da barraskiloen jabea ez zela Mariren korda berekoa. Espainia-zale amorratua baitzen. Hark bai, bandera gorri horia zabaltzen zuen balkoian Francoren aldeko jai egunetan.
Entrenatuak izango al zituen maskuluak goiko geranioei eraso egiteko? Batek daki.
Maskuluekin edo gabe ondo pasa itzazue egun hauek. -
Lehengusinak deitu zidan esateko New Yorkera etorriko zirela oporretan. Betidanik nahi izan dutela ezagutu hiria, irudiak bai oso agerian dituztela, filmetatik, liburuetatik, musikatik, eta bisitatu nahi dutela horregatik, egundo egon gabe ere, hainbeste markatu dituen hiria. Warholen margoak, Velvet Undergrounden diskak, Basquiaten pintadak. Leonard Cohen, Patti Smith eta garai bateko bohemioak biltzen ziren Chelsea hotela.
-
Mundua edertzen du
bertsoak
Mundua edertzen du
naturak
Mundua edertzen du
arteak
Mundua edertzen du
lagunak
Mundua edertzen du
gauak
Mundua edertzen du
ametsak
Mundua edertzen du
larruak
Mundua edertzen du
bihotzak
Mundua edertzen du
justiziak
Mundua edertzen du
begiruneak
Mundua edertzen du
oroimenak
Mundua edertzen du
berdintasunak
Mundua edertzen du
irriak
Mundua edertzen du
biziak
Mundua edertzen du
herriak
Mundua edertzen du
euskarak
euskarak
edertzen du mundua.
2024ko euskararen nazioarteko egunean.
Eta Mikel Urdangarinek kantara ekarria. -
Paul Auster idazleari omenaldia egin zioten Villa Albertine liburu-denda txairoan. Siri Husvedt haren alargunak hitz egin zuen aurrena, bikain. Ondotik, itzultzaileek, editoreek, irakurleek hartu zuten hitza. Azkena, Philipe Petit funanbulista izan zen.
Titiriteroak kontatu zuen gaztetan ezagutu zutela elkar Auster eta biak Parisen. Petitek Notre Dame katedrala punta batetik bestera kable baten gainean igaro nahi zuen, legez kanpo, eta idazleak trasteak eramaten lagundu zion. Geroztik, betirako lagun. -
Osaba Santik itsasoari begiratzen zion izaki bizidun bati bezala. Itsasoan ez zegoenean balkoian egoten zen, hari begira, eta ikusten zuen nola aldatzen zen aldartez, ekaitza bazekarren edo bare bazen.
Itsasoa zen osabaren tokia. Hantxe zen guztiz bera. Lehorrean konbentzioak eta norma sozialak daude, askotan arrantzaleak ulertzen ez dituenak. Baina itsasoan libre zaude, bakarrik zure buruarekin, eta isilik. Badaki ematen itsasoak barruko bakea. -
Ia inork ez du idazten eskutitzik orain. Mezu elektronikoak bai, bideo laburrak, mugikorretik testuak. Baina kartak, ez. Hala ere, badu eskuz idatzitako gutun batek berebiziko indarra, badirudi eskuz idaztean gure barren barrenean miatu eta ateratzen ditugula ezkutuko altxorrak.
-
Kolorez esnatzen da hiria azaroaren lehen igandean, Maratoiarekin. Central Parkearen inguruak jendez betetzen dira, hiritarrek profitatzen dute eguna elkarrekin pasatzeko, lagun artean edo familian, maratoia ikusi eta bazkaltzera joateko.
Gu ere urtero joaten gara maratoia ikustera. Bukaera baino pare bat kilometro lehenago, Met museoaren atzealdean, hantxe jartzen gara, ikurrina zabaldu eta lasterkari euskaldunak animatzera. -
Iragan ostegunean egin genion Schwartz irakasleari agurra. Berrogei urtez aritu zen gure semea dabilen Center School eskolako zuzendari. Agurra ez zen izan eliza batean, ohi denez, ezta ezelako erlijio tenpluren batean. Gorazarrea New Yorkeko kultura etikorako elkartearen egoitzan jaso zuen. Halakoxea zen Schwartz.
-
Semeak kolpe bat hartu zuela eta larrialdietan izan ginen iragan astean. Buruan zabaldu txiki bat, jolasean zebilela. Gauza handia ez baina ondo itxi beharra nabari zen.
Metroz joan gara ospitalera. Taxia baino bizkorragoa da. Larrialdiak, iritsi gara. Ospitalera sartzeko ate detektagailu batetik iragan behar izan dugu. Utzi mugikorrak hor. Erakutsi poltsak. Ez du txisturik jo ateak. -
Metroan noala, aldiro aplikazio berri baten iragarkia ikusten dut. Lana lortzeko, bikotekidea aurkitzeko, ilea ez erortzeko.
Horren karietara, duela egun batzuk solasaldi bat izan nuen gauza hauetan aditua den lagun batekin. Aplikazio baten berri eman zidan. Gauza txarren aplikazioa. Momentuan gertatzen ari diren krimenen berri ematen dizu. Eta abisatu, zure kokapenaren arabera. Horrela, jakingo duzu zure ondoko kalean lapurreta bat izan dela, alboko parkean kolpatu egin dutela norbait, edo poliziak atxilo egin duela zein edo zein hiru karrika beherago. -
Halako batean, sartu naiz, asperdura astintzeko edo, abizenen berri ematen duen web orri batean. Jakin nahi izan dut zenbat Uribe dauden munduan zehar eta harridura sortu dit emaitzak. Euskal Herrian, 4000 bat omen daude. Gehiena baina Mexikon daude, 90.000. Hego Amerikan zehar, beste andana, Kolonbian, Perun, Argentinan, Txilen.
-
“Existentzia” deitzen zen 1987 urtean TU-K taldeak atera zuen maketak. Musika indiea, gotikoa batzuetan, oinarri elektronikoekin. Txomin anaia zen kideetako bat. Kantetarako letrak behar zituela eta konturatu zen haren anaia gazteak, nik, poemak idazten zituela eta poema horiek “lapurtuta” konposatu zituen lehen abestiak. Orduan batxilergoko lehen mailan negoen, hamasei urterekin.
- Mostrar más