Episodes
-
Paul Auster idazleari omenaldia egin zioten Villa Albertine liburu-denda txairoan. Siri Husvedt haren alargunak hitz egin zuen aurrena, bikain. Ondotik, itzultzaileek, editoreek, irakurleek hartu zuten hitza. Azkena, Philipe Petit funanbulista izan zen.
Titiriteroak kontatu zuen gaztetan ezagutu zutela elkar Auster eta biak Parisen. Petitek Notre Dame katedrala punta batetik bestera kable baten gainean igaro nahi zuen, legez kanpo, eta idazleak trasteak eramaten lagundu zion. Geroztik, betirako lagun. -
Osaba Santik itsasoari begiratzen zion izaki bizidun bati bezala. Itsasoan ez zegoenean balkoian egoten zen, hari begira, eta ikusten zuen nola aldatzen zen aldartez, ekaitza bazekarren edo bare bazen.
Itsasoa zen osabaren tokia. Hantxe zen guztiz bera. Lehorrean konbentzioak eta norma sozialak daude, askotan arrantzaleak ulertzen ez dituenak. Baina itsasoan libre zaude, bakarrik zure buruarekin, eta isilik. Badaki ematen itsasoak barruko bakea. -
Episodes manquant?
-
Ia inork ez du idazten eskutitzik orain. Mezu elektronikoak bai, bideo laburrak, mugikorretik testuak. Baina kartak, ez. Hala ere, badu eskuz idatzitako gutun batek berebiziko indarra, badirudi eskuz idaztean gure barren barrenean miatu eta ateratzen ditugula ezkutuko altxorrak.
-
Kolorez esnatzen da hiria azaroaren lehen igandean, Maratoiarekin. Central Parkearen inguruak jendez betetzen dira, hiritarrek profitatzen dute eguna elkarrekin pasatzeko, lagun artean edo familian, maratoia ikusi eta bazkaltzera joateko.
Gu ere urtero joaten gara maratoia ikustera. Bukaera baino pare bat kilometro lehenago, Met museoaren atzealdean, hantxe jartzen gara, ikurrina zabaldu eta lasterkari euskaldunak animatzera. -
Iragan ostegunean egin genion Schwartz irakasleari agurra. Berrogei urtez aritu zen gure semea dabilen Center School eskolako zuzendari. Agurra ez zen izan eliza batean, ohi denez, ezta ezelako erlijio tenpluren batean. Gorazarrea New Yorkeko kultura etikorako elkartearen egoitzan jaso zuen. Halakoxea zen Schwartz.
-
Semeak kolpe bat hartu zuela eta larrialdietan izan ginen iragan astean. Buruan zabaldu txiki bat, jolasean zebilela. Gauza handia ez baina ondo itxi beharra nabari zen.
Metroz joan gara ospitalera. Taxia baino bizkorragoa da. Larrialdiak, iritsi gara. Ospitalera sartzeko ate detektagailu batetik iragan behar izan dugu. Utzi mugikorrak hor. Erakutsi poltsak. Ez du txisturik jo ateak. -
Metroan noala, aldiro aplikazio berri baten iragarkia ikusten dut. Lana lortzeko, bikotekidea aurkitzeko, ilea ez erortzeko.
Horren karietara, duela egun batzuk solasaldi bat izan nuen gauza hauetan aditua den lagun batekin. Aplikazio baten berri eman zidan. Gauza txarren aplikazioa. Momentuan gertatzen ari diren krimenen berri ematen dizu. Eta abisatu, zure kokapenaren arabera. Horrela, jakingo duzu zure ondoko kalean lapurreta bat izan dela, alboko parkean kolpatu egin dutela norbait, edo poliziak atxilo egin duela zein edo zein hiru karrika beherago. -
Halako batean, sartu naiz, asperdura astintzeko edo, abizenen berri ematen duen web orri batean. Jakin nahi izan dut zenbat Uribe dauden munduan zehar eta harridura sortu dit emaitzak. Euskal Herrian, 4000 bat omen daude. Gehiena baina Mexikon daude, 90.000. Hego Amerikan zehar, beste andana, Kolonbian, Perun, Argentinan, Txilen.
-
“Existentzia” deitzen zen 1987 urtean TU-K taldeak atera zuen maketak. Musika indiea, gotikoa batzuetan, oinarri elektronikoekin. Txomin anaia zen kideetako bat. Kantetarako letrak behar zituela eta konturatu zen haren anaia gazteak, nik, poemak idazten zituela eta poema horiek “lapurtuta” konposatu zituen lehen abestiak. Orduan batxilergoko lehen mailan negoen, hamasei urterekin.
-
“Drill” esaten zaio eskolan sute bate edo arma-eraso bat egonez gero egiten diren simulakroei. Umeek horrela ba omen dakite zer egin halako zerbait benetan gertatuz gero. Gure seme-alabek ere izaten dituzte horrelakoak. Beraientzat gauza normala da, baina ez litzateke behar.
Pasa den astean bertan, alabaren eskolan armak detektatzeko “kontrol sorpresa” izan zuten. Egun bat lehenago, semearen eskolatik mezu bat jaso genuen. Haren eskolaren parean dagoen institutuan gertakari bat izan zen. Norbait susmagarria sartu zela pentsatu zuten eta hala institutuko nola inguruko eskoletako ikasle guztiak geletan itxi zituzten. Mezuak zioen, bukaeran, lasai egoteko, alarma faltsu bat izan zela dena.
Eta, ez balitz?
Eskoletako arma erasoak berebiziko arazo bihurtu dira Estatu Batuetan. 2012tik hona ugaritu egin dira gainera. Kontua da erasotzaileak ez direla izaten ezezagunak, ez dira lapurrak edo kartzelatik ihes egindako kriminalak. Ez, eskola bertako ikasle edo ikasle ohiak izaten dira. Eta kasurik gehienetan beraien etxean bertan lortzen dituzte armak. Etxeko armairuan.
Aldiro azaltzen dira han eta hemen eskoletako arma erasoen estatistikak. Ez dakit zenbat hildako, ez dakit zenbat zauritu. Datuak eta datuak. Hala ere, agintariei kosta egiten zaie erabakiak hartzea.
Zenbakiak zenbaki, goizero eskolara motxilarekin doana nor bere seme-alaba denean, gauzak oso bestela ikusten dira.
Umeak baino ez dira, bizitzaz gozatzen hasiberriak. -
Ematen du egun batetik bestera ez dela ezer aldatzen, gauzak bere horretan jarraitzen dutela dirudi, eta horrela iraungo dutela, luzaroan. Baina begirada altxatu eta atzera begira, orduan egunen joana bizkorra da oso, eta orduan bai ikusten direla aldaketak, nola egin duen mudantza munduak, eta gure bizitzak.
Semeari elkarrizketa bat eskatu diote eskolan. “Nolakoa zen bizitza 80ko hamarkadan”, horixe zen gaia, eta ni izan nau hizpide. Pozik jarri naiz bere alboan, galderak erantzuteko prest.
“Nolakoa zen orduan zuen bizitza?. Bada, beharbada alderik handiena dela garai hartan ez zegoela ez ordenagailu pertsonalik ezta mugikorrik ere ez. “Eta nola jolasten zenuten?” Kalean, erantzun diot, edo mendian, eskuekin guk geuk egindako arku eta geziz. “Ez al zenituzten erosten?”. Ez zegoen beharrik, guk bagenekien egiten, makila batzuekin eta soka zahar bat, besterik ez zen behar. “Benetan?”, egin du barre, “ez gara ari erromatarrez, 80ko hamarkadaz baino”. “Eta asteburuak nolakoak ziren?” Zinera joaten ginen, herriko ume guztiak egoten ginen aretoan batera, eta berdin zitzaigun ze filma botatzen zuten.
Itaunak erantzun eta orduantxe ohartu naiz gauzak benetan asko aldatu direla. Niretzat gure haurtzaroa baino ez zen, baina semearentzat beste mundu bat.
Ostean galdetu dit zenbat lagun bizi ginen etxean. Eta zenbatzen hasi naiz: gurasoak, izeba, amaren ahizpa, osaba, aitaren anaia, eta gu lau senide, zortzi guztira. “Zortzi? Asko ez?”. Tira, Aita eta osaba arrantzaleak zirenez egun gehienetan kanpoan zeuden. “Eta nola egiten zenuen lo?”. Bada, etxeak hiru gela zituen. Gurasoak gela batean, izeba eta arreba bestean, hiru anaiok hirugarrenean. “Eta osabak?”. Osabak, salan.
Eta pentsakor geratu naiz, goibel, itsasoatik etorri eta sofan lo geratzen zen langile haren bizimoduarekin gogoratzen.
“Aita, zergatik geratu zara isilik?”
Ez da ezer, seme. -
Bihar gauean izango da Estatu batetako Presidenterako bi hautagaien arteko debatea. Ikusmin handia dago hemen eta munduan. Trump saiatu da aldez aurretik lehiakidea kritikatzen, ezegonkortzen. Astakeria asko esan ditu, baina gauza bat egin zait deigarri bereziki. Esan du Kamalak barre gehiegi egiten duela. Ezaguna da Harrisen barre algara, ozenki egiten du barre. Bada, nonbait hori ez omen da serioa presidente izan nahi duen batentzat.
Demokratek buelta eman nahi izan diote kontuari eta Harrisen algara aldarrikatu egin dute. Kamalarena izango da pozaren iraultza, esaten dute, beti haserre dagoen presidente ohiaren aurrean.
Afrikar amerikarren artean poza aldarrikatzeko tradizio luzea dago. Esklabu izan dira, lapurtu diete ia dena, baina poza, poza sekula ez. Pozik egotea da mendekurik onena, poza da helburua eta poza da bidea.
Egia esan, barre algararen kontu honekin enpatia sentitzen dut Kamalarekin. Niri ere barre algara ozena ateratzen zait, berez. Eta ezin dut kontrolatu. Saiatu izan naiz hura aldatzen baina alferrik. Etxekoek eta lagunek urrundik ezagutzen naute nire algaragatik. Argazkietan ere irribarretsu agertzen naiz ia beti, nahiz eta batzuk ohartarazi ez nautela idazle bezala seriotan hartuko horrela azaltzen banaiz.
Badakit pozak ez duela berez ezer konpontzen. Politika zehatzak behar direla gizartea justuagotzeko. Eta lana, lan nekeza. Baina zergatik ez egin hori irribarre batekin? Zergatik ez atsegin, zabar ordez?
Nik argi daukat. Gora pozaren iraultza! -
Gili-gili da kili-kili edo kilima Ondarroako hizkeran. Manolitak eta Pellok portuko lana utzi eta jantzi-denda jarri behar zutela eta dendari zer izen jarri behar zioten galdetu zieten beren haurrei. Haien erantzuna, “gili-gili” izan zen, horixe baitzen haien berba faboritoa.
-
Denboraldiko azkena
Abiada gorrian igaro da ikasturtea eta iritsi gara denboraldiko azken podcastera. New Yorkeko munduak utzi eta Euskal Herriko munduetara etorria naiz, uda hemen pasatzera.
Saturraran operaren estreinaldiaren aitzakiaz zeharkatu dut Atlantiko ozeano tzarra. Ederra eta gogoangarria halako egitasmo batean parte hartzea, opera garaikidea eta euskaraz, gure kultura ahalik eta gehien hauspotu guran. Bi egunetan egon zen mukuru bete Arriaga. Ikusleen artean, asko eta asko, estreinako joaten ziren operara. Hunkituta ikusi nuen jendea, baita lantaldekoak ere. Zazpi urteko lanaren emaitza. Ea ibilbidea luzatzen duen Euskal Herriko eta erbesteko antzokietan.
Bart, langarrez bizi izan genituen San Juan gaueko suak eta gaur eguzkitsu hartu gaitu egunak. Halakoxea da bizitza, batean estu hartzen zaitu, bestean santuak amenean daude.
Aste honetan, ostegunean Tolosara egingo dut bisita aspaldiko partez eta larunbatean Ondarroan Zapato Azule, tradizio bilakatu den lagunarteko egun zoroa.
Zaharrak berri eta berriak zahar.
Eta gaur, San Juan eguna denez, ekandu zaharrari egingo diot kasu.
Txikitan herrian entzuten genuen kantak halaxe dio:
“San Juanek dio bere egunean / zelebratzeko fiesta. /Kastigatua izango dala / lana egiten duena”. Bada antzinako ohiturari jarraiki, nik ere “fiesta” hartuko dut, datorren udazkena arte.
Ondo izan! -
Arteak eta gizarteak aurrera egiten du ezezkoa baiezko bihurtuta. Ezinezkoa uste dena egia bilakatuta. Debekuari aurre eginez. Eskubideak lortzen dira ezezkoa baiezko bihurtuta.
Saturraran opera baiezko horren aldarria da. Ezin maitatu ziren bi emakumek elkar maitatzen dute. Zergatik ez? Zergatik mugatu behar dugu maitasuna? Zoriontsu egiten gaituen gauza handi hori?
Ane euskalduna, Luna andaluziarra. Bi tradizio, bertokoena eta migratzaileena, amets berarekin. Heroinaren mundu ilunak harrapatuko ditu. Ondo gogoan dut sasoi hori, nerabea nintzen arren. Herrian, etxean bizi izan genuen. Baita haren atzea ere, hiesaren epidemia. -
Arteak poza ematen dit. Asebetetzen nauen ekintza da artelanak ikustea, mendira joatea edo lagunekin biltzea bezain ekintza beharrezkoa. Denbora asko igarotzen badut arterik ikusi gabe, tristatu egiten naiz eta urduritu, bitxia da, baina arteak laguntzen dit bizitzan oreka bilatzen, eta adiskidetzen nau, gure espezie ankerrarekin.
-
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatuta Bilbao-New York-Bilbao liburuaren irakurketa jarraia izango da Arriaga antzokian ostegunean. Aurretik, asteartez eta asteazkenez, bestelako hitzorduak antolatu dira. Asteartean, Euskaltzaindiako egoitzan, Mari Jose Olaziregi eta Miren Ibarluzea EHUko irakasleak arituko dira liburuaren hezur-haragi literarioez eta nazioarteko ibilbideaz. Asteazkenez, ni neuk emango dut hitzaldia, “Nondik datoz istorioak?” izenburuarekin, toki berean.
-
Jakin dut podcast honen entzuleen artean batzuk euskara ikasleak zaretela. Poztu egiten nau horrek. Eta zuei eskerrak eman eta gorazarre egin nahi nizueke oraingo honetan, zuengatik baikara ez bakarrik handiago baizik eta askotarikoago ere bai.
Euskara ez da bat bakarra, era asko daude euskaldun izateko, hiztunak adina, esango nuke. Inor ez da bestea baino euskaldunago, denok gaude maila berean, hizkuntza erabiltzen dugun neurrian. -
Kalera bidean, ataritik atera eta ilargia ikusi dut zeru urdinean. Arratsaldea zen, baina oraindik ordu batzuk geratzen ziren iluntzerako. Hura ikusita, Ondarroako gizon batek, Arakistainek, kontatu zidan ipuina etorri zait burura.
-
Mariana Enriquez idazle argentinarraren liburu berrian irakurri nuen, Toki eguzkitsua jende goibelarentzat izenekoan. Ipuin-liburua da eta narrazioetako batean kontatzen da txoriak, aurreko bizitza batean, emakumeak izan zirela. “Zigorren bat jasan zuten emakumeak”, idazlearen hitzetan. Ideia, nonbait, Amazonaseko herrien elezaharretatik atera zuen. Hango biztanleek hori uste dute, txori bakoitza, aurretik emakume izandakoa dela.
- Montre plus